Mendizaletasuna oinez mendiak igotzean (mendigoizaletasuna), mendietan barrena oinez ibiltzean, mendietan eskiatzean edo mendiak eskalatzean datzan kirola da. Jarduera horretan, kontuan hartu behar dira inguruaren jakintza, mendian ibiltzeko teknikak eta mendian orientatzeko gaitasunak. Kirolaz gainera, mendizaletasuna zaletasuna eta naturarekin bat egiteko modua ere bada, askoren iritziz. Euskal Herria, gainera, mendizaletasunean aritzeko lurralde guztiz aproposa da, menditsua baita.

Hamabi ataletan banatuta dago: bidezidor kirola, erdi mailako mendia, goi mendia, alpinismoa, espedizioak, kirol eskalada, eskalada klasikoa (azken hori, era berean, arroka eta izotz eskaladan banatua), ibilbideko eskia, mendiko duatloia, erdi mailako mendi maratoia eta mendi maratoia.

Sarritan mendizaletasun izena goi mendiak igotzeko jarduerari lotu zaio, hau da, garaiera handietako mendizaletasunari. Hala, mendiak igotzen dituenari mendizale deitu ohi zaio, ez ordea aurreko beste jardueretakoren bat egiten duenari.

Alpinismo, andinismo eta himalaismo terminoak askotan erabiltzen dira altuera handietako mendizaletasunaren sinonimotzat, baina ez da guztiz zuzena. Alpinismo hitzak Alpeetako igoera adierazten du: beraz, 5.000 m baino txikiagoak diren mendien igoera. Andinismoak, aldiz, Andeetako mendi baten igoera adierazten du, hau da, 5.000 m baino altuagoak eta 7.000 m baino txikiagoak diren mendiak igotzea. Azkenik, 7.000 m baino gehiago dituen Himalaiako mendiak igotzeari himalaismoa deritzo.