Beñat Rezusta Mugurutza, pilota arloan Rezusta deituraz ezaguna, esku huskako pilotari profesionala da, binakako txapelketa nagusiko txapelduna. Atzelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Estatistika ofizialek diotenez, 1,92 m luze da, eta 88 kilo pisatzen du. Profesionaletako lehendabiziko partida 2013ko ekainean jokatu zuen, Eibarko Astelena pilotalekuan. Historian izan diren atzelari ezker bakanetako bat da, berak debutatu arte aspaldian ez zen izan halako beste atzelaririk. Eskuin beso motela du, baina berebiziko indarra eta abiadura ematen dio ezkerrarekin pilotari, aireko joko ona du ezkerrarekin, eta oso ondo mugitzen da jokalekuan. Azken urteotako atzelari hoberena da, lau urtez jarraian heldu baita Binakako Txapelketa Nagusiaren finalera (2016, 2017, 2018 eta 2019), bai eta bitan irabazi ere (2017an eta 2019an).

  • 2019: binakako txapelduna, Danel Elezkano aurrelaria lagun.
  • 2018: binakako txapeldunordea, Danel Elezkano aurrelaria lagun.
  • 2017: binakako txapelduna, Iker Irribarria aurrelaria lagun.
  • 2016: binakako txapeldunordea, Juan Martinez de Irujo aurrelaria lagun.
  • 2014: Bigarren mailako buruz buruko txapelduna.
  • 2014: Bigarren mailako binakako txapelduna, Erik Jaka aurrelaria lagun.
  • 2013: Bergara Hiria sariko txapelduna
  • 2012: 22 urtez azpikoetan munduko txapelduna
  • 2010: Diario Vasco sariko txapelduna