Aizkolaritza herri kirol mota bat da. Helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta laburrenean gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehia daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke.

Proba horretan diharduen kirolariak aizkolari izena du. Apustuetan bi laguntzaile izaten ditu ondoan: «erakuslea», kolpea non jo aholkatzen diona, eta «botileroa». Txapelketetan aizkolariak laguntzailerik gabe aritzen dira.

Euskal herri kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria langileen arteko desafioetan dago. Lehenbiziko apustuak oihanean bertan jokatzen ziren baina denborarekin aizkol jokoa menditik herrira jaitsi zen. Ez zaigu ezer idatzirik ailegatu hasierako apustu hauei buruz.